Ane epailearen aurrean dago, bere gorputzean jasandakoa, bere
arimaren mina hitzez kontatzen saiatzen da, baina hitzak eztarrira heltzen
direnerako itzali egiten zaizkio, ez dute indar nahikorik ahotik irten eta
errealitatea urratzeko. Nondik hasi, gainera. Hasieratik. Zer izan zen hasiera?
Irainak (puta, puta, puta, puta), mehatxuak (ez zara bizirik irtengo). Bizirik dago
bai, baina momentu batzutan nahiago luke hala izango ez balitz. Begiak itxi
ditu, horrela gogoratzeak min gutxiago egingo balio bezala.
Lurrean dago, gerritik gora biluzik, eta itzalak ikusten ditu inguruan, ez
daki bat ala gehiago diren, itzalak baino ez. Belarrian oihuak entzuten ditu,
baina ez du ulertzen diotena, oihuak baino ez dira. Eta titietan hotza igartzen
du, min handia egiten duen hotza, eskuekin estaltzen saiatzen da, bero bila,
baina indar handiz eskuak bere lekutik kentzen dizkio itzalak, hotza
barreneraino sartuz.
Bapatean, itzalak eta oihuak desagertu egin dira, lurretik arrastaka
gelaren izkina batera heldu da, eta bertan gelditu da, eskuekin gorputzari,
gorpu sentitzen duen gorputzari, berotasuna emanez.
Begiak zabaldu eta epailearen asper aurpegia ikusi du, bazkaltzera
joateko gogoa duela ematen du. Begirada hori ikusita, berriz ere, hitzak
eztarrian trabatzen hasi zaizkio, baina arnasa eta indarra hartuz aurrera jarraitu
du.
Itzalak itzuli dira, gorputzak hartu duen berotasun apurrari esker oihuak
ulertzen hasi da. Puta, barreak, vas a ver. Gorputza zerbaitekin lotuta du,
harrapatuta dago, ezin da mugitu. Gelaren alde batetik bestera doa, trapu zahar
bat bezala, bultzada batek zerbaiten kontra eraman du eta bere gainean geratu
da. Orduan zerua etorri zaio gainera, pisu handia du eta ezin da mugitu,
oraindik hitzen bat edo beste ulertzen du, puta, puta, puta. Itotzen ari da, bere
indar guztiekin gainean duena botatzen saiatzen da, baina ez du ezer lortzen,
ezin da mugitu. Gainean duena, bere kabuz mugitzen da, bapatean, eta arnasa
1
hartzea lortzen du. Jada oihuak ez ditu ulertzen. Arnasa beste behin hartzera
doanean, ezin du. Arnasa moztu diote, airea kendu, non dago, hil egin ote da?
Iluntasuna ikusten du bere inguruan, besterik ez, oihuak gero ta urrutiago doaz.
Lehengusua korrika agertu da eskatzean, elurra, elurra! Denak mugitu
dira leihorantz, pozik, ikusi ez arren Anek irribarreak somatzen ditu aurpegietan,
bera ere pozik dago eta urduri! Lehengusu nagusiek abentura zoragarriak
kontatzen dituzte elur egunei buruz, berak oraindik ezin izan ditu bizi, txikiegia
zelako, baina aurten bai, aurten bera ere elurretan irristatuko da! Aitak
sutondoan duen aulkitxotik (aititek bere neurrira egindako aulkitxotik) altxatu eta
leihora eraman du Ane, handik sekulako elur maluta handienak ikusi ditu.
Ordurako beste guztiak janzten ari dira: Eskularru, bufanda eta txapelak airean
dabiltza umeen artean, amama botak banatzen saiatzen da, hauek zuretzat,
beste hauek txikiagoak dira eta zuretzat... Aneri ere ekarri dizkio batzuk, galtza
potolo-potoloekin batera.
Ven aquí, puta! Zer da hau? Non dago? Begiak zabaldu eta lehengo gela
hotza ikusi du, hau omen errealitatea, behin eta berriro gainera datorkiona.
Arrastaka daramate, bera ez baita gai bere gorputza mugitzeko ere. Aulki baten
gainean jarri, eta iletik tiraka burua txontxongilo bat lez alde batera eta bestera
mugitzen dioten bitartean, oihuak heltzen zaizkio belarrira: Con quién! Puta!
Ulertzea lortzen du, laster oihuak baino ez, zer esaten duten ez dakien oihuak,
alde batetik bestera darabilen itzaletik irtetzen diren oihuak. Indarrez burua
altxatu dio eta begiak ireki orduko zerbaitek iluntasuna ekarri du, begiak
irekitzen ditu indarrez baina ezin du ezer ikusi, oihuak entzuten ditu baina ez du
ezer ikusten, iluntasun horretan airerik ere ez dago, arnasa hartzen saiatzen da,
baina ezin du, indar handiagoz hartzen saiatzen da eta aurrekoan baino
gutxiago hartzen du, arnasa bukatzen ari zaiola sentitzen du, oihuak gero eta
ozenagoak dira, itotzen ari da, berriro arnasa hartzen saiatzen da eta airearen
ordez beste zerbait etortzen zaio ahora, arnasa guztiz eteten dion zerbait.
Oihuek jarraitzen dute, lehen baino bortitzago, baina berak jada urrun entzuten
ditu, gero eta urrunago...
2
Amama galtza potoloak sutondoan jartzen ari da, bitartean aitak erropa
geruza bat bestearen gainean jartzen dio, besoak gora eta behera soilik mugitu
ahal dituen arte. Sutondoko galtzak, lehengusuren batek duela bost urte ondo
zituen katiuskak, eta badoa elurretara beste guztien atzetik. Ume guztiak
aldapan behera irristaka ikusten ditu, bakoitza zerbaiten gainean, abiapuntura
korrika igotzen diren bitartean elurrezko bolak botatzen dizkiote momentu
horretan irristaka beheruntz doanari. Anek ere irristaka joan nahi du, baina
momentua heltzen denean beldurra ematen dio eta geldi geratzen da. Orduan
aitak bere hanken gainean eseri, besoekin inguratu eta elurraren gainean
hegaz darama! Momentu hori, inoiz inork kontatutakoa baino askoz hobea da.
Anek inguruko elur guztia urtzeko besteko berotasuna sentitzen du, kanpoan
inoiz sentitu duen hotzik handiena egon arren.
Hotza sentitu du bapatean, gelako izkina berdinean dago, lur hotzaren
gainean erdi biluzik. Eseri eta arropekin ahalik eta gehien estaltzen saiatu da,
gorputzarekin lurra ahalik eta gutxien ukitzen, besoekin belaunak inguratu ditu,
barne barnean sentitzen duen hotza berotu nahian. Gorputza ordea bero-bero
du, kolpeek utzitako berotasunez, hala ere bera ez da berotasun hori sentitzeko
gai. Malkoak isuritzen hasi da, nahi gabe, konturatu gabe, negar-zotinik gabe
eta malko bakoitzarekin gorputzeko kolpe batean berotasuna sentitu du. Astiroastiro
gertatzen ari denaz konturatzen hasi da. Malkoak lehortu, arnasa hartu
eta bere buruari indarra ematen saiatzen da, ez daki zenbat denbora daraman
gela horretan baina berak uste duenaren erdia izanda ere, ezin da denbora
asko falta dena bukatzeko. Atea zabaldu eta itzala sartzen da, aurpegia ikusten
dio. Arriba, puta! Besotik hartu eta aulkira eramaten du. Oihuak entzuten dira,
baina ez dira oroitzen dituenak, emakume batenak dirudite. Kolpe bat sentitu du
buruan, ez daki nondik etorri den, eta jarraian zerbaitek argia kendu dio, arnasa
hartzen saiatu da, eta oraingoan bai, lortu du, argia bakarrik kendu diote, begiak
ixtera behartu. Iluntasunarekin batera oihuak itzuli dira, ezagunak, betikoak.
Galderak egiten dizkiote, eta erantzuten saiatzen den bakoitzean kolpe bat
jasotzen du, beti leku desberdinetik, beti espero ez duen lekutik. Oihuak gero
eta gehiago, gero eta ozenagoak dira, gero eta galdera gehiago, gero eta
3
gutxiago ulertzen du. Azken kolpeak lurrera bota du, ezin du gehiago, bertan
gelditu nahi luke, dagoen bezala, ahoa lur hotzaren kontra. Oihuak isildu egin
dira, iluntasuna isilik gelditu da.
Epailearen begirada zorrotza sentitu du, begiak altxatu eta hor dago bai,
burua eskuen gainean duela, irribarrea ahoan. Algo más?
Aneri goragalea sartu zaio, ezin du aurrera jarraitu, ezin du berriro
gogoratu. Ahaztu egin nahi luke, bere gorputzean ez dela gertatu sinistu eta
bere oroitzapenetatik ezabatzea, batez ere, bere oroitzapenetatik ezabatzea.
Dardara batek gorputza zeharkatzen dio eta amorrua sentitzen du, amorruz
irtetzen dira hurrengo hitzak bere ahotik.
Atearen soinua entzun eta argia itzultzen da bere begietara, itzalak ditu
inguruan, alde guztietaik daude. Levántate, arriba! Aginduak ematen dizkiote,
bata bestearen atzean, besoak goian izatera derrigortzen dute, titiak ukitzen
dizkioten bitartean, eskuekin tititetako mina kentzen saiatzen da, eta orduan
min handiagoa sortzen diote. Begiak itxi eta bere titiak defendatzeari uko egiten
dio. Inoiz ezagutu duen hotzik ziztagarriena sartu zaio barrura, itzalak
desagertzean ere gainetik kenduko ez duena.
Itzalak joan orduko itzultzen dira, behin eta berriro. Badaki zer nahi
duten, beti antzekoa, erropa kendu, oihuak, kolpeak, galderak, titietako hotza,
eta lurra.
Beste batzutan baino oihu gehiago entzuten dira atea irekitzerakoan,
ezer esan gabe lurretik arrastaka eraman eta arropa guztiak kendu dizkiote,
lurrean, galderarik ez, oihuak soilik, puta, puta, puta. Hotza sentitu du gorputz
guztian zehar, denean dabiltza, min ematen diote. Indar handi batek hankak
zabaldu dizkio, gorputzean zehar zebiltzan mugimenduak desagertu egin dira,
bakarra agertu da, besteak baino hotzagoa, hankartean. Bere indar guztiekin
4
mugitzen da, gorputza libratzen saiatzen da, baina orduan indar handiagoz
datorkio mina hankartera, hotz handiagoz.
Lehengusuen atzetik doa korrika, eta pauso bakoitzean elur zati bat
sartzen zaio katiusketan, baina berdin da, elurra ez da bere gorputza hozteko
gai. Jada bakar-bakarrik doa aldapa behera, irristaka. Gero eta aldapa
handiagoetara doaz, gero eta kilima handiagoak sentitzen ditu sabelean.
Aurkitu duten azken aldapan doa irristaka, gero eta abiadura handiagoan,
bapatean beldurra sentitzen du, gelditzen saiatzen da, baina ezin du, horren
ordez, bueltaka hasten da, abiadura berdinean, konturatu orduko taketa jo eta
ahoa elurrez bete zaio. Momentu horretan arropan sartuta duen elur guztia
batera sentitu du. Eta negarrez hasi da. Aitak besoetan hartu, elur guztia kendu
eta etxera darama. Arropa bustia erantzi, sutondoan berotutakoa jantzi, zauriak
sendatu eta besoetan hartu du, suari begira. Bero handia setitzen du, batez ere
masailetan, malkoak egon diren tokian. Txokolate beroaren usaina heldu zaio lo
hartu aurretik.
Levántate, ponte toda la ropa! Vamos donde el juez!
Alain
No hay comentarios:
Publicar un comentario